Ikaskuntza mugikorreko politiketarako ildoak

UNESCOtik, eta ikaskuntza mugikorrak eskaintzen dituen abaguneak abian jartzeko xedearekin, politikak egiteko ardura duten pertsonei zuzendutako hainbat gomendio identifikatu dira.

Ildoak

Gomendatutako neurriak

Ikaskuntza mugikorrarekin lotutako politikak sortu edo daudenak eguneratu.

  • Teknologia mugikorrak hezkuntzarako aurkezten dituen erronkak eta potentzial berezia aztertu eta, dagokien kasuetan, lortutako ondorioak hezkuntzan ITKei buruzko politiketan txertatu.
  • Gailu mugikorrak ez debekatu oro har. Debeku unibertsalek, ondo oinarritutako arrazoiengatik ezartzen ez baldin badira, hezkuntza-aukerak oztopatu ohi dituzten eta irakaskuntzan eta ikaskuntzan berrikuntzak eragozten dituzten erabateko tresnak dira.
  • Teknologian egindako inbertsio berriak eta hezkuntza-kontuetan dauden ekimen eta inbertsioak elkarrekin konbinatzeko aukerei buruzko aholkularitza eskaini.

Irakasleak teknologia mugikorren bidezko ikaskuntza sustatzeko trebatu.

  • Irakasleen garapen profesionalari lehentasuna eman. Ikaskuntza mugikorraren arrakasta gailu mugikorrek eskaintzen dituzten abagune pedagogikoei etekin handiena ateratzeko irakasleek duten gaitasunaren menpean dago. Irakasleei behar den trebetasun teknikoa eta pedagogikoa eman, ikaskuntza mugikorreko konponbideak eta aukerak txertatuz. Askok gailu mugikorrak erabiltzen dakite; ordea, beste batzuk ez dakite; gainera, gailuak moldakortasun eta konplexutasun handiagoa lortzen doazen heinean, baita erabiltzeko zailago bihurtzen dira ere.
  • Irakasleen trebakuntza zentroak programetan eta ikaskuntza-planean ikaskuntza mugikorrak txertatzera animatu.
  • Hezitzaileei estrategiak partekatzeko aukerak eskaini, antzeko baliabide eta premiak dituzten erakundeetan teknologia eraginkortasunez txertatzeko helburuarekin.

Teknologia mugikorren bidez laguntza eta trebakuntza eskaini irakasleei

  • Gailu mugikorren bidez irakasleek ikaskuntza-plan eta programak, baliabide pedagogikoak eta eskola-planak eskura ditzatela zaindu, ahal den neurrian. Ikaskuntza mugikorreko proiektu askok baliabideak ikasleen eskura jartzen dituzten arren, gutxi dira irakasleengan zehazki zuzentzen direnak.
  • Trebakuntza eta garapen profesionalerako aukerak irakasleei teknologia mugikorraren bidez eskaintzearen bideragarritasuna aztertu. Irakasleen uste sendoak aldatzeko eta haien praktika hobetzeko beharrezkoa den aurrez aurreko trebakuntza osatu dezake sistema horrek, baina inoiz ezin du ordezkatu.

Gailu mugikorretan erabiltzeko eduki pedagogikoak sortu eta daudenak optimizatu

  • Gailu mugikorretatik baliabide eta eduki pedagogikoak eskuratzea bermatu, , on line dauden fitxategien biltegiak barne.
  • Eduki mugikorren baimenen irekiera sustatu, erabilera eta egokitzapena ahal den zabalak izan daitezen. Helburu hori lortzeko, hezkuntza-baliabide irekien erabilera sustatu daiteke.
  • Ikasketa-programak egiten dituzten pertsonek gailu mugikorretarako eduki zehatzak egin ditzaten pizgarriak sortu. Ordenagailu eta testu-liburuetako material pedagogikoak mugikorretara “migratzea” posiblea den arren, lehenengo eta behin teknologia mota hoi buruzko gogoeta egin beharko da; hortaz, pantaila txikia duten gailuetan edukiak aurkezteko eta erabiltzeko moduak sinplifikatzeko eta datuak sartzeko gailu horiek dituzten edukiera-mugei buruzko erabakiak hartu beharko dira.
  • Lanean dauden irakasleei (eta hezigaiak zuzenean ezagutzen dituzten beste interesatu batzuk) eduki mugikorrak sortzeko edo moldatzeko aukera ematen dieten programa edo plataforma informatikoak sortzea bultzatu.
  • Bertako taldeentzako eta bertako hizkuntzetan eskuragarri dauden edukiak sortzea sustatu. Horretarako, edukiak prestatzeko ardura duten bertako pertsonak gonbida daitezke beraien komunitateei zuzendutako ikaskuntza mugikorreko edukiak presta ditzaten.
  • Ekipoak, programak eta eduki mugikorrak hezigai talde desberdinentzako (ezgaituak barne) eskuragarri bihurtzen dituzten arauak bultzatu.

Ikasleen arteko genero berdintasuna zaindu

  • Hezkuntza eremuan, IKTekiko sexuen artean dauden desberdintasunak murriztu, emakume haur eta helduak eta gizon haur eta helduak, ikaskuntzarako teknologia mugikorrei etekina ateratzera animatuz.
  • Alderdi kulturalak kontutan hartuta, telefono mugikorren jabetza eta erabilera emakume heldu eta haurren artean normalizatzeko moduak aurkitu.
  • Emakume, gizon eta haurrei IKT gaietan gaitasun egokiak erakusteko estrategiak landu.

konektagarritasun aukerak zabaldu eta hobetu, zuzentasuna bermatuz

  • Dagoen IKT azpiegitura ebaluatu eta mailaka hobetzeko helburu errealistak ezarri, arreta berezia jarriz zerbitzu urriak dituzten eremuetan.
  • Komunitate barruan eta komunitate ezberdinen artean sare mugikor sendo eta eskuragarrien  eskaintza sustatu, bereziki hezkuntza erakundeetan: ikastetxeak, unibertsitateak eta liburutegiak.
  • Mugikorreko datuak eta banda zabaleko zerbitzuak eskuratzeko diru-laguntzak (osoa edo zati bat) eskaintzeko aukera aztertu. Gobernu askok “tarifa elektronikako” laguntzak eskaintzen dituzte, Internet-en ordenagailuen bitartez sartzeko hezkuntza-helburuarekin. Gainera, “tarifa mugikorreko” diru-laguntzak bultzatzeko aukera aztertu beharko lukete gobernuek, internet mugikorraren bitartez  erabiltzea sustatzeko.
  • Ikaskuntza mugikorra sustatzeko tokiko sare eta sare bereziak eraikitzeko ahaleginak bultzatu, bereziki sare handiagoak ez dituzten tokietan.

Berdintasun baldintzetan guztiontzako sarbidea eskaintzen duten estrategiak landu

  • Hezigai eta irakasle guztiei teknologia mugikorra berdintasun baldintzetan eskuratzeko aukera, eta ikaskuntza mugikorrean parte hartzeko aukera bermatu. Ikasleek haien gailuak erabiltzen dituzten ereduen kasuetan, ekipo mugikorra eta Internet konexioa ez duten ikasle horiei eskura jartzeko neurriak ezarri beharko lituzkete gobernuek.
  • Posiblea denean, ikasleak bere gailu mugikor propioa edukitzea ahalbidetu. Ikaskuntza mugikorraren abagune nagusietako bat zera da: hezkuntza aukera askotarikoak irekitzen ditu, eskola barruan zein kanpoan. Ikasleak ez badira gailuen jabeak, ikaskuntza tresna pertsonalizatu gisa erabiltzea, are gehiago testuinguru informaletan, zailagoa izango da.
  • Erakunde publiko eta hezkuntza-erakundeak hornitzaileekin negoziatzera animatu, hezigai kopuru esanguratsuaren erosteko ahalmenari etekina ateraz.

Teknologia mugikorren erabilera segurua, arduratsua eta osasungarria sustatu

  • Gailu mugikorren erabilera arduratsua sustatu herritartasun digitalaren bidez.
  • Posible denean, “Erabilpen arduratsuko politikak” ezarri, “erabilpen onargarriko politikak“ baino. Erabilpen arduratsuko politikek ohitura osasungarriak indartzen eta azpimarratzen laguntzen dute; aldi berean, irakasleak gailu mugikorren erabilera kontrolatzera derrigortuta ez egotera laguntzen dute; irakasleentzako alferrikako lana da hori, egunean zehar ehundaka ikasle ikusten dituztelako.
  • IKTen gehiegizko erabilpenak edo pantailaren aurrean denbora luze egoteak sortzen dituzten kezken testuinguruetan, online eta bizitza errealaren interakzioa orekatzeko estrategiak sortu. Gainera, pantailaren aurrean ematen den denbora produktibo eta ez produktiboa desberdindu, eta baita osasungarria eta osasungarria ez dena bereiztu ere.
  • Teknologia mugikorrek osasunari ekar diezazkioketen alegiazko arriskuei buruzko ikerketak ezagutu eta egunean egon.

Komunikazioaren eta hezkuntzaren kudeaketa hobetzeko teknologia mugikorrak erabili

 

  • “Sistema indartzera” zuzendutako teknologia mugikorren erabilerak sustatu.
  • Ikastetxeak eta hezitzaileak guraso eta ikasleekin gailu mugikorren bidez komunikatzera animatu.
  • Hezkuntzaren kudeaketa eta informazio-sistemen eraginkortasuna eta irismena zabaldu teknologia mugikorren laguntza integratuz.
  • Gatazka edo zorigaitz baten ondoren, teknologia mugikorrek informazio pedagogikoa biltzen nola lagun dezaketen aztertu.

Sustapen, lidergoa eta elkarrizketa jardueren bidez ikaskuntza mugikorrari buruzko kontzientzia handitu 

  • Teknologia mugikorrak irakaskuntza, ikaskuntza eta administrazioa nola hobetu dezakeen moduak erakutsi eta nabarmendu.
  • Ikaskuntza mugikorreko programei buruzko ikerketen ebaluazio eta ondorioak partekatu
  • Ikaskuntza mugikorrei buruz, interes handiena dutenen artean elkarrizketa sustatu (zuzendaritza langileak, irakasleak, ikasleak, familiak, tokiko irakurleak eta oinarri komunitarioa duten erakundeak).
  • Teknologiek, teknologia mugikorrak barne, irakaskuntzaren helburuak nola sustatu ditzaketen ikuspegi koherentea eskaini.